Hausnart
Hausnart

hAUSnART Lapiko Kritikoa kolektibotik sortzen den aldizkaria da.

Lapiko Kritikoa guneak teoria eta filosofia kritikoaren gaitasun bereziak azpimarratzen ditu. Web-aren baliabideak erabiliz, gizarteari buruzko eztabaidak hedatzea du helburu, gaur egungo arazoei buruzko ikerketak, azterketak eta azalpenak sortuz.

Lapiko Kritikoa guneak urrats nabariak eman ditu Joxe Azurmendik Filosofiaren Historia lanean (Elkar, 2008, 22. orria) proposatu zuen ideia burutze aldera; alegia elkarrizketa eta eztabaidarako komunitate egonkorra osatzea; kultur-teoria garaikidearen arloan, gogoeta eta espekulazio filosofiko autonomo bati bizia ematea; eremu ez akademiko zein irakaskuntza unibertsitarioaren arteko elkarlana areagotzea, eta areago antolatzea…

hAUSnART aldizkariak ildo horiei jarraitzeaz gain, urrats batzuk haratago eman nahi ditu.

hAUSnART jakintza intelektuala eta jakintza akademikoaren arteko diferentziaren jakinaren gainean dago. Humanitateen esparruaren eta giza zientzien diziplinaren arteko aldizkaria da, eta irekia dago era askotako hurbilpen, metodologia, interpretazio eta idatz-tankerak erabiltzera; baina filosofia zein jakintza kritikoaren esparruak landu eta politika garaikidearen arloetara aplikatu nahi ditu; betiere, lan intelektuari balioa akademikoa eransteko asmoarekin.

hAUSnART, beraz, aldizkari akademikoa delako asmoarekin jaiotzen den jarduera intelektuala da.

hAUSnART aldizkari akademikoak, hala, ez du kolaborazio irekiaren eta heterogeneitate izpiritua galdu nahi; baina pentsamendu kritikoa hedatze aldera, argitaratu idazlanak modu sistematiko batean aurkezten ditu: ale bakoitzeko atalak, esate baterako, elkarrizketak eta artikuluak nola liburu kritikak edo zenbait kontzeptu / idazleen aurkezpenak eta abar, gai nagusi baten inguruan antolatzen dira.

hAUSnART aldizkariaren helburua, hala ere, ezinbesteko malgutasuna gordez, goi mailako aldizkaria lortzea da. Baliabide kritiko egokiak eskaintzea egungo gaiei erantzuteko parada galdu gabe.

hAUSnART, aldizkariak, ondorioz, ez ditu argitaratzeko epe-mugarik ezartzen. Kopurua aldatu egin daiteke, eskuratu lanen kantitate eta kalitatearen arabera. Asmoa, hala ere, urtero hiruzpalau zenbaki ateratzea da. Lehen batean web-ean pdf formatoan argitaratuko dira. Gerora, baita paperezko argitalpen formatuan ere.

Hausnart
2011
SS-623-2011
VV.AA
144pp
6.00 €