Musika berriak, egun irmo bezain zehaztugabe «amaigabeko melodia» izendatzen den horrek, jarraitzen duen xedea honela argitu daiteke: itsasora joan, arian-arian hondoa ukitzeari utzi eta, azkenik, elementuen menpe amore ematea: alegia, igeri egin behar dela. Antzinako musikan, samur edo sutsu edo zeremoniazko zanbuluan, arinago edo geldoago, beste zerbait egin behar zen; dantza, alegia. Hor, beharrezko neurriak, denbora eta intentsitate zehatz bezain kulunkarira atxikitzeak, etengabeko arretara derrigortzen zuen entzulearen arima; arretatik zetorren aire bolada freskoaren eta gogo biziaren arnas beroaren arteko elkar jokoan zetzan musika on guztiaren magia. Richard Wagnerrek bestelako mugimendu mota nahi zuen; berak ordurarteko musikaren oinarri fisiologikoa alboratu zuen. Igeri egin, ur gainean geratu; ez gehiago ibili, ez gehiago dantzatu... Agian, honekin adierazi da zer den erabakigarria. «Amaigabeko melodia»k, hain zuzen ere, aldi eta intentsitate oreka guztia apurtu nahi du eta, noizbehinka, irrigarri uzten du; bere aurkikuntza-oparotasuna belarri zahar batek paradoxa eta birao erritmikotzat jotzen duen horretan dauka. Imitaziotik, horrelako gustu baten nagusitzatik, pentsa ezin daitekeena baino arrisku handiagoa sortuko litzateke: sentimendu erritmikoaren gainbehera guztizkoa, kaosa erritmoaren lekuan... Arriskuak goia jotzen du horrelako musika bat, betiere, gero eta hertsiago, inolako lege plastikorik gidatzen ez duen antzerkigintza eta pantomima guztiz naturalistan oinarritzen denean, efektua bilatzen duen horretan, beste ezertan ez...Espressivoa edonola, eta musika itxurakeriaren mirabe, itxurakeriaren esklabo. Hori da akabua...